|
Aurkezpena
"Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Behatokia " Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren ekimenez jaio da, pentsioen eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren egungo egoeraren jarraipena egiteko tresna gisa. Egitasmo hori Europako Kontseiluak ezarritako helburuetako baten barruan kokatzen da, kalitatezko pentsio bideragarriak bermatzen dituzten nazio-mailako estrategien artean. Estrategia horiek pentsio-erreformak eta -politikak eraginkortasunez kontrolatzeko informazio- eta metodologia-oinarriak hobetzean dautza. Helburua zera da: euskal administrazioek eta sektoreko eragileek gaia ezagutu dezaten ziurtatzea, jarduerarako estrategia eta plan egokienak taxutzeko.
Helburu horrekin sortu da web-gune hau; izan ere, arlo horretan mundu osoan gertatzen den eta garrantzitsua den oro unean-unean jakinaraziko du, sortzen diren agiri guztien jarraipena eginez: txostenak, azterlanak, proposamenak eta ekimenak, esparru horretan diharduten eragile nagusien eskutik sortutakoak: nazioarteko erakundeak, nazioetako gobernuak, lanbide-elkarteak, ikerketa-zerbitzuak, unibertsitateak, etab.
"Gizarte Aurrreikuspenaren Euskal Behatokia" egin eta iraunarazteko irizpide nagusiak darabilen materialaren gaurkotasuna eta informazio-iturrien aniztasuna dira. "Behatokiak " ahalik eta ikuspuntu desberdin gehien izatea lortu nahi da, besteak beste, pentsamendu-eskolen, herrialdeen, eragile publiko eta pribatuen, eta sektore-profesionalen artean nolabaiteko orekari eutsiz. Hala eta guztiz ere, arreta berezia emango zaio erakunde ofizial nagusiek sortzen dutenari.
Behaketaren lehentasunezko esparrua gizarte-segurantza osagarria da. Hala eta guztiz ere, ezinezkoa da esparru horretan gertatzen dena ulertzea gizarte-segurantzako sistemetan gertatzen denaren barruan kokatzen ez bada; izan ere, gero eta gehiago onartzen den terminologia erabiliz, sistema horien bigarren eta hirugarren oinarria osatzen baititu. Ezin da ulertu, ezta ere, munduan dauden gizarte-segurantza sistemak erreformatzeko proposamen eta ekimenen neurrigabeko kopurua, egungo gizarte-segurantzako sistemen bideragarritasuna baldintzatzen duten prozesu demografiko eta ekonomikoa ezagutu gabe.
Gai-multzo zabal horren inguruko ekoizpen intelektuala handiegia denez, garrantzitsuenean jarriko dugu gure arreta. Lanen edo/eta proposamenen garrantzia neurtzeko irizpidea lan horiek sortzen eta argitaratzen dituen erakundearen garrantzia da. Lehenengo, nazioetako gobernuen erakundeak, gai horren ardura dutenak: gizarte-gaietako eta ekonomiako sailak, berariazko agentzia publikoak, banku zentralak, etab. Bigarren, nazioarteko erakunde publikoak, koordinazio- eta aholkularitza-lanak egiten dituztenak eta nazioetako gobernuen politiketan eragina duen iritzia sortzen dutenak: Europako Batzordea, OCDE/ELGA, ONU/NBE, FMI/NMF, Munduko Bankua… Hirugarren, gizarte-segurantzaren gaietako nazioarteko elkarte profesionalak: AISS, EFRP, EAPSPI, etab. Azkenik, erakunde pribatuak eta azterketa-zerbitzu espezializatuak, unibertsitateko ikerketa akademikoari lotuak izan ohi direnak.
Behatoki baten xedea haren jarduera-esparruan gertatzen dena behatu eta detektatzea da, eta haren balio erantsia honako egitekoetan datza: i) informazioa bilatzea, ii) horren garrantzia neurtzea, iii) modu koherentean antolatzea eta iv) erabiltzaileari modu argian aurkeztea. Hori dela eta, web-gune honek ez du ia berezko materialik aurkezten, eta funtsean estekak eskaintzen ditu, jatorrizko agiriak aurkitzen diren orriekiko. Ezaugarri horrek funtzionamendu astunagoa ekartzen du, baina badu abantaila bat: informazio aberatsagoa duten jatorrizko orrietara sartzeko eta berezko bilaketak egiteko aukera ematen dio erabiltzaileari.
Hizkuntzen arazoak nolabaiteko muga jartzen dio ikerketa-eremuari; izan ere, "Behatoki " honetan frantsesez edo ingelesez dauden atzerriko hizkuntzan idatzitako agiriak baino ez dira jasotzen. Nahiz eta agiri interesgarri gehienak hizkuntza horietako batean egon, badaude hainbat salbuespen. Adibidez, pentsio osagarrien sistema garatuenetako bat dute holandarrek, eta ez dituzte haien material guztiak itzultzen. Antzeko zerbait gertatzen da Alemanian sortutako agiriekin.
|