Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila

euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

WAI-A

Seme-alabak dituzten familientzako laguntzak. (2007ko urtarrilaren 1a ondoren jaioa edo adoptatua)

 

Saila / Erakunde Autonomiaduna

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza


Egitura atal kudeatzailea

Familia Zuzendaritza


Xedea

Dekretu honen bitartez laguntzak arautu nahi dira, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez eta jarraian azaltzen diren jardun-ildoak erabiliz, semeak eta/edo alabak dituzten familiei esleituko dizkien laguntzak.

a) Ardurapeko semeagatiko eta/edo alabagatiko laguntzak.
b) Erditzeagatiko edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntza.
c) Nazioarteko adopzioagatiko laguntza.


Nori Zuzendua

1.– Familia-unitatea osatzen duen aita edo ama izan daiteke laguntza horien onuradun.
2.– Ebazpen judizial batek ezartzen badu zenbait pertsonek zaintza eta babespea konpartitu behar dutela, pertsona horiek erabaki behar dute zein den laguntzaren eskatzailea, onuraduna bakarra delako.
3.– Onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan bizi behar du, eta bertako Erroldan egon, gutxienez eskaera aurkeztu baino urtebete lehenagotik.

Eskaera aurkezterakoan Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan bizi eta erroldatuta dagoen
orok laguntza horiek eskatu eta jaso ditzake, aurreko hamabi hilabeteetan bertan etengabe bizi ez izanagatik
eta erroldatuta ez egonagatik ere, baldin eta egiaztatzen badu azken hamar urteetan bost urte segidan
eman dituela Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzen eta erroldatuta.

Dekretu honen xedeetarako:

a) Honako egoera hauetan egongo da diru-laguntza jasotzeko aukera: jaiotza, adopzioa, adopzio aurreko familia-harrera eta familia-unitatea osatzen duten semeak eta/edo alabak mantentzea.

b) Honako hauek osatzen dute familia-unitatea: eskatzaileak, eskatzailearen ezkontideak —tartean banantzerik edo dibortziorik izan ez bada— edo eskatzailearekin izatezko bikotekide gisa bizi ohi denak —betiere hori behar bezala egiaztatzen bada—eta semeek edo alabek, baldin eta eskatzaileak haien gaineko zaintza eta babespea baditu eta eskatzailearen etxean bizi badira.

c) Semea edo alaba izango da, batetik, eskatzaileari eta/edo ezkontideari edo izatezko bikotekideari semealabatasun erlazio bidez lotutako pertsona, norberarena zein adoptatua izan, baita biek edo bietako batek adopzioaren aurretik hartutako adingabea.

d) Aitatzat edo amatzat jotzen da:

  • Semearen edo alabaren zaintza eta babespea duena.
  • Aurrekoarekin bizi dena, ezkontidea zein izatezko bikotekidea izan.
  • Adopzio aurreko familia-harreraren kasuetan, adingabearen zaintza duten pertsonak, eta, hala dagokio,
    haien ezkontideak edo izatezko bikotekideak.

e) Semea edo alaba jaiotzat hartzeko, hogeita lau ordu eman behar ditu amaren sabeletik zeharo bereizita.


Diru kopurua

ARDURAPEKO SEMEAGATIKO ETA/EDO ALABAGATIKO LAGUNTZAK

Diru-laguntza jaso dezaketen egoerak

1.– Kapitulu honen babesean honako laguntza hauek eman daitezke:

a) Lehen semeagatiko edo lehen alabagatiko laguntza.

b) Bigarren edo ondorengo semeagatiko eta/edo bigarren edo ondorengo alabagatiko laguntza.

2.– Semeak edo alabak familia-unitatean duen ordena zehazteko kontuan hartuko da elkarrekin bizi diren
seme edo/eta alaben artean duen tokia, jaiotza-dataren arabera.

3.– III. Kapituluan ezarritakoari utzi gabe, erditze anizkoitzen kasuetan Kode Zibilaren 31. artikuluan
ezarritakoa hartuko da aintzat jaiotzaren lehentasuna zehazteko.

a) Lehen semeagatiko edo lehen alabagatiko laguntza.

1.– Lehen semeagatiko edo lehen alabagatiko laguntza ordainketa bakarreko diru-laguntza izango da, eta
Dekretu honetan ezarritako betebeharrak bete ahala emango da.

2.– Laguntzaren zenbatekoa familia-unitatea osatzen duten aitaren eta amaren errenta-mailaren arabera zehaztuko da; gutxienez, laurehun euro emango dira (400,00), eta gehienez bederatziehun (900,00). Horretarako, familia-unitatearen diru-sarrerak alderatuko dira semearen edo alabaren jaiotzearen, adopzioaren edo adopzio aurreko familia-harreraren urterako ezarritako Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS). Hala, honako hiru diru-sarrera tarte hauek ezarri dira, bakoitzari dagokion zenbatekoarekin batera:

a) LGSaren halako laura iristen ez diren errentetarako, bederatziehun euroko (900,00) zenbatekoa izango du laguntzak.

b) LGSaren halako lau edo hortik gorakoak eta halako seira iristen ez diren errenten kasuan, laguntzak
bostehun euroko (500,00) zenbatekoa izango du.

c) LGSaren halako sei edo hortik gorakoak diren errenten kasuan, laurehun euroko (400,00) zenbatekoa izango du laguntzak.

b) Bigarren edo ondorengo semeagatiko eta/edo bigarren edo ondorengo alabagatiko laguntza.

1.– Bigarren edo ondorengo semeagatiko eta/edo bigarren edo ondorengo alabagatiko laguntza ordainketa bakarreko diru-laguntza izango da, eta familia-unitateak bigarren semea edo alaba edukitzen duen unetik aurrera emango da, familia-unitatearen diru-sarrera maila eta Dekretu honetan ezarritako betebeharren ezbetetze maila edozein izanik ere. Laguntza hori urtetik urtera eskatu beharko da.

2.– Jaiotza-kasuetan, laguntza adinaren eta semearen edo alabaren ordenaren arabera emango da. Honako
zenbateko hauek izango ditu:

a) Bigarren semeagatik edo bigarren alabagatik:

1) 1.100 (mila eta ehun) euro, semearen edo alabaren jaiotzaren urtean.

2) 400 (laurehun) euro semeak edo alabak urtebete betetzen duen urtean.

b) Hirugarren edo ondorengo semeengatik edo hirugarren edo ondorengo alabengatik:

1) 1.100 (mila eta ehun) euro, semearen edo alabaren jaiotzaren urtean.

2) 1.100 (mila eta ehun) euro semeak edo alabak urtebete, bi urte, hiru urte edo lau urte betetzen dituen urtean.

3) 400 (laurehun) euro semeak edo alabak bost edo sei urte betetzen dituen urtean.


3.– 18 urtez azpiko adingabeen adopzioaren edo adopzio aurreko familia-harreraren kasuan, diru-laguntzak 1.100 euroko (mila eta ehun) zenbatekoa izango du semearen edo alabaren adopzioaren edo adopzio aurreko
familia-harreraren urtean, haren adina edozein izanik ere. Ondorengo urteetan, aldiz, semearen edo alabaren
adinaren eta ordenaren arabera emango da laguntza, aurreko idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.

4.– Artikulu honetan aurreikusitako laguntzak metagarriak izango dira, eta, beraz, ezarritako adina eta ordena betetzen dituen seme eta/edo alaba bakoitzeko diru-laguntza bana jasotzeko aukera izango da.

Minusbaliotasuna onartzea

1.– Laguntza sorrarazi duen semeak edo alabak % 33ko edo hortik gorako ezintasuna badu, eta eskumeneko organoak minusbaliotasun-maila onartzeko ziurtagiriaren bitartez egiaztatzen badu, aurreko artikuluetan aurreikusitako zenbatekoak bikoiztu egingo dira.

2.– Ziurtagiria laguntza eman ondoren aurkezten bada, jaso beharreko zenbatekoak bikoiztu egingo dira Kapitulu honetan ezarritakoa betez, betiere ziurtagiria lau urteko epean aurkezten bada, jaiotza gertatzen denetik edo adopzioa edo adopzio aurreko familia-harrera gauzatzen den unetik aurrera, betiere onuradunek Dekretuan xedatutako gainerako eskakizunak eta baldintzak betetzen jarraitzen badute. Lau urte bete ondoren aurkezten badute, ziurtagiria aurkezten den urteei dagokien laguntza soilik bikoiztuko da.

ERDITZEAGATIKO EDO ADOPZIO NAZIONAL ANIZKOITZAGATIKO LAGUNTZAK

Diru-laguntza jaso dezaketen egoerak

1.– Kapitulu honen babesean, erditze anizkoitzek eta adopzio nazional anizkoitzek diru-laguntza jasotzeko aukera izango dute.

2.– Haurdunaldi berean bi seme-alaba edo gehiago jaiotzen badira, egoera hori erditze anizkoiztzat joko da. Eskatzaileak eta/edo haren ezkontideak edo bikotekideak sei hilabeteko edo hortik beherako epean bi seme eta/edo alaba edo gehiago badituzte, halaber, erditze anizkoiztzat joko da.

Kasu batean zein bestean, azken jaiotzari dagokion eguna joko da erditze anizkoitzaren eguntzat.

3.– Estatuan aldi berean bi adingabe edo gehiago adoptatzen badituzte prozedura bakarrean, behin adopzio hori gauzatzeko ebazpen judiziala edo dokumentua egin ondoren, egoera hori adopzio nazional anizkoiztzat joko da.

Sei hilabeteko edo hortik beherako epean eskatzaileari eta/edo haren ezkontideari edo bikotekideari honako egoera hauek gertatzen bazaizkio, halaber, egoera horiek adopzio nazional anizkoiztzat joko dira:

a) bi adopzio nazional edo gehiago.

b) erditzeak eta adopzio nazionalak eragindako ondorengotza.

c) erditzeak eta adopzio aurreko familia-harrerak eragindako ondorengotza.

d) adopzio nazionala eta adopzio aurreko familia-harrera.

e) adopzio aurreko bi familia-harrera edo gehiago.

Adopzio nazional anizkoitz parekatuaren eguna zehazteko, azken eguna hartuko da aintzat, jaiotzaren eguna, adopzio nazionala gauzatu den eguna edo adopzio aurreko familia-harreraren eguna izanik ere.

Nondik norakoa

1.– Erditzeagatiko edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntza ordainketa bakarreko diru-laguntza izango da, eta Dekretu honetan ezarritako betebeharrak bete ahala emango da.

2.– Laguntza hori puntuala eta metagarria da II. Kapituluan bildutako laguntzari dagokionez.

Erditzeagatiko edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntzaren zenbatekoa

1.– Laguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko dira, batetik, erditzearen edo adopzio anizkoitzaren seme-alaben kopurua, eta, bestetik, familia-unitatea osatzen duten aitaren eta amaren errenta-maila.

2.– Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, honako eragiketa hau egingo da: erditze edo adopzio anizkoitzaren
seme eta/edo alaben kopuruari 1 kendu, eta 2.000z (jaso beharreko gutxieneko zenbatekoari dagokion euro kopurua) eta familia-unitatea osatzen duten aitaren eta amaren errenta-mailari dagokion koefizienteaz biderkatu.

Koefiziente hori zehazteko, aipatutako errenta-maila eta erditze edo adopzio anizkoitzaren urterako ezarritako LGSa alderatuko dira. Hala, honako koefiziente hau lortuko dugu:

  • LGSaren halako sei edo hortik gorakoak diren errentetarako, koefizientea 1 izango da.
  • LGSaren halako bostetik halako seira bitarteko errentetarako, 1,2.
  • LGSaren halako lautik halako bostera bitarteko errentetarako, 1,4.
  • LGSaren halako hirutik halako laura bitarteko errentetarako, 1,6.
  • LGSaren halako hirutik beherako errentetarako, 2,0.

NAZIOARTEKO ADOPZIOAGATIKO LAGUNTZAK

Diru-laguntza jaso dezaketen egoerak

Kapitulu honen babesean, adingabeen nazioarteko adopzio bakun zein anizkoitzek izango dute diru-laguntza
jasotzeko aukera.

Xede horri begira, atzerriko herrialde batean haur bat adoptatzen bada, egoera hori nazioarteko adopziotzat
joko da.

Nondik norakoa

1.– Nazioarteko adopzioagatiko laguntza ordainketa bakarreko diru-laguntza izango da, eta Dekretu honetan
ezarritako betebeharrak bete ahala emango da.

2.– Laguntza hori puntuala eta metagarria da II. Kapituluan bildutako laguntzari dagokionez.

Nazioarteko adopzioagatiko laguntzaren zenbatekoa

1.– Laguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko dira, batetik, aldi berean adoptatutako seme-alaben
kopurua, eta, bestetik, familia-unitatea osatzen duten aitaren eta amaren errenta-maila.

2.– Nazioarteko adopzio bakunagatiko laguntzaren zenbatekoa zehazteko familia unitatea osatzen duten aitaren eta amaren errenta-mailari dagokion koefizientea 2.000z (jaso beharreko gutxieneko zenbatekoari dagokion euro kopurua) biderkatuko da. Koefiziente hori zehazteko, aipatutako errenta-maila eta nazioarteko adopzioaren urterako ezarritako LGSa alderatuko dira. Hala, honako koefiziente hau lortuko dugu:

  • LGSaren halako sei edo hortik gorakoak diren errentetarako, koefizientea 1 izango da.
  • LGSaren halako bostetik halako seira bitarteko errentetarako, 1,2.
  • LGSaren halako lautik halako bostera bitarteko errentetarako, 1,4.
  • LGSaren halako hirutik halako laura bitarteko errentetarako, 1,6.
  • LGSaren halako hirutik beherako errentetarako, 2,0.

3.– Nazioarteko adopzioagatiko laguntzaren zenbatekoa zehazteko, honako eragiketa hau egingo da: lehen
semeari edo alabari dagozkion 2.000 euroei 1.500 euro gehituko zaizkio nazioarteko adopzio anizkoitzetik
eratorritako gainerako seme edo alaba bakoitzeko, eta batuketa hori dagokion koefizienteaz biderkatuko da familia-unitatea osatzen duten aitaren eta amaren errenta-mailaren arabera, aurreko idatz-zatian zehaztutakoa betez.

Nazioarteko adopzioa erditzearekin, adopzio nazionalarekin edo adopzio aurreko familia-arrerarekin batera gertatzea

Sei hilabeteko edo hortik beherako epean, nazioarteko adopzio batekin batera erditze bat, adopzio nazional
bat edo adopzio aurreko familia-harrera bat gertatzen bada, aurreko artikuluan ezarritakoa aplikatzetik eratorritako zenbatekoari mila eta bostehun (1.500) euroko osagarria gehituko zaio lehen semeagatik edo lehen alabagatik, eta mila euroko (1.000) osagarria erditzetik, adopzio nazionaletik edo adopzio aurreko familia-harreratik eratorritako gainerako seme edo alaba bakoitzeko. Ondoriozko batuketari familia-unitatea osatzen duten aitaren eta amaren errenta-mailari dagokion koefizientea aplikatuko zaio, aurreko artikuluan aurreikusitakoaren arabera.


Araudia
  • 255/2006 DEKRETUA (pdf, 111.70 Kb), abenduaren 19koa, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituena.

(EHAA  245 zk. 2006eko abenduaren 27koa).


Harremanak norekin
  • Beatriz Solaun Presa
  • Mariví Aizpuru Pascual
Faxa: 945 01 91 57

E-mail:  familia@ej-gv.es


Erantsi beharreko agiriak

1.– Eskaerak aurkeztuko dira Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan. Zehazkiago, eskari normalizatuak aurkeztuko dira, behar bezala beteta.

2.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskaerak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan eskura daitezke, eta eskariorri normalizatuan egin behar dira. Era berean, web orri honetan Formularioak atalean ere deskarga daitezke eskaerak. Eskaerekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Familia-unitatea osatzen duten aitaren eta amaren NANaren edo haien nortasuna egiaztatzen duen dokumentuaren fotokopia.

b) Hala badagokio, senar-emazteen familia-liburuaren fotokopia, edo, izatezko bikoteen kasuan, erregistratuta dauden Izatezko Bikoteen Erregistroaren ziurtagiria edo hori egiaztatzen duen antzeko dokumentua.

c) Dekretu honen laguntza jaso dezakeen seme edo alaba bilduta dagoen familia-liburuaren fotokopia konpultsatua.

d) Eskatzailearen erroldatze-ziurtagiri eguneratua, etxean bizi diren lagun guztien zerrenda eta eskatzailea udalerrian erroldatu zen eguna barne. Laguntza-eskaera aurkezten den eguna baino hilabete bat baino lehenago emandako erroldatze-ziurtagiriak ez dira onartuko.

Erroldatze-ziurtagiriak frogatzen ez badu eskatzailea udalerrian bizi denik, laguntzaren organo kudeatzaileak eskaera egingo dio eskatzaileari udalerrian bizi dela egiaztatzen duten dokumentuak aurkez ditzan.

Eskatzailea 4.3 artikuluko bigarren paragrafoan aipatutako salbuespenean biltzen bada, egungo erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko du, etxean bizi diren pertsona guztien zerrenda barne. Hori ez ezik, salbuespen horren aukera egiaztatuko duen erroldatze-ziurtagiria ere aurkeztuko du.

e) Adopzio-kasuetan, adopzioa gauzatzeko ebazpen judizialaren edo antzeko dokumentuaren fotokopia.

f) Adopzio aurreko familia-harreraren kasuetan, adopzioa gauzatzeko ebazpen judizialaren edo antzeko dokumentuaren fotokopia.

g) Eskatzailearen ezkontza deuseztatu bada, edo epai judizialen bitartez eskatzailea banandu edo dibortziatu bada, laguntza eragin duten seme edo alaben zaintza eta babespea esleituko duen ebazpen judizialaren fotokopia aurkeztu beharko da.

Orobat, ebazpen judizialaren arabera, laguntza eragin duten seme edo alaben zaintza eta babespea konpartitua bada, laguntzaren eskatzailea erabakitzeko lortutako akordio sinatua aurkeztuko da.

h) Laguntza eragin duten seme edo alabei % 33ko edo goragoko ezintasuna onartu bazaie, indarreko minusbaliotasun-mailaren berri ematen duen ziurtagiriaren fotokopia aurkeztu beharko da, eskumeneko organoak emana.

i) Bide telematiko bidez familia-unitatea osatzen duten aitaren eta amaren errenta-mailari buruzko informaziorik lortzerik ez badago, honako hauek aurkeztuko dira:

  • Administrazioak familia-unitatea osatzen duten aitaren eta amaren PFEZaren aitorpenari dagokionez (baterako aitorpena edo bakoitzaren aitorpen indibiduala) egindako likidazioaren fotokopia, seme edo alaben jaiotzaren, adopzioaren edo adopzio urreko familia-harreraren eguna baino bi urte lehenagoko zergaldiari dagokionez.
  • Ezkontza deuseztatzearen, banatze judizialaren edo dibortzioen kasuetan, laguntza eragin duten seme edo alaben zaintza eta babespea esleitu zaion aitaren edo amaren errenta-aitorpenari dagokionez Administrazioak egindako likidazioaren fotokopia aurkeztu beharko da.
  • Salbuetsita daudelako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egin ez dutenek dagokion Erakundeak emandako salbuespen-ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

j) Laguntza kobratu nahi den aurrezki-libretaren edo banku-korrontearen titulartasun-datuen fotokopia.

k) Pertsona eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez dagoela biltzen duen zinpeko aitorpena.

l) Eskatzailearen zinpeko aitorpena, itzultzeko edo zigortzeko prozeduren eraginpean dagoela adierazteko, baldin eta prozedura horiek oraindik ere bideratzen ari badira, behin Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haien erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan abiatu ondoren.

3.– Dekretu hau betez familia-unitatea osatzen duten aitaren eta amaren errenta-maila jakin behar bada, pertsona horiek baimena eman beharko diote Familia Zuzendaritzari errenta-maila hori Foru Aldundietatik zuzenean eskura dezan Zuzendaritzak, eta baimen hori eskaerarekin batera aurkeztuko da.


Eskabideak Aurkezteko Epea

ARDURAPEKO SEMEAGATIKO ETA/EDO ALABAGATIKO LAGUNTZAK

a) Urte naturalaren barruan jaiotza, adopzio edo adopzio aurreko familia-harrera bat gertatzen bada, eskaerak hiru hilabeteko epean aurkeztuko dira, jaiotzaren egunaren, adopzioa edo adopzio aurreko familia-harrera gauzatzeko ebazpen judizialaren edo antzeko dokumentuaren egunaren, edo eskatzaileari jakinarazi zaion egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Kasu honetan, Formularioak atalean dagoen I Eskaera erabili behar da.

b) Urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean familia-unitatean bilduta dauden seme eta/edo alabei dagozkien laguntzei begira, eskaerak urte naturalaren barruan aurkeztu beharko dira, hain zuzen ere semeak edo alabak dagokion adina betetzen duen urte naturalean.

Kasu honetan, Formularioak atalean dagoen M Eskaera erabili behar da.

ERDITZEAGATIKO EDO ADOPZIO NAZIONAL ANIZKOITZAGATIKO LAGUNTZAK

Eskaerak aurkezteko hiru hilabeteko epea izango da, jaiotzaren egunaren, edo adopzio nazionala edo adopzio aurreko familia-harrera gauzatzeko ebazpen judizialaren edo antzeko dokumentuaren egunaren, edo eskatzaileari jakinarazpena egiten zaion egunaren biharamunetik hasita.

NAZIOARTEKO ADOPZIOAGATIKO LAGUNTZAK

1.– Aurreko idatz-zatian adierazitakoari utzi gabe, eskaerak aurkezteko hiru hilabeteko epea izango da, nazioarteko adopzioa gauzatzeko ebazpen judizialaren edo antzeko dokumentuaren egunaren, edo eskatzaileari jakinarazpena egiten zaion egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Nazioarteko adopzioarekin batera erditzea, adopzio nazionala edo adopzio aurreko familia-harrera gertatzen bada, eskaerak aurkezteko hiru hilabeteko epea izango da, jaiotzaren egunaren, adopzio nazionala edo adopzio aurreko familia-harrera gauzatzeko ebazpen judizialaren edo antzeko dokumentuaren egunaren edo eskatzaileari jakinarazpena egiten zaion egunaren biharamunetik hasita.


Eskabideak aurkezteko lekua

Eskaerak aurkeztuko dira Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Delegazioetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan. Zehazkiago, eskari normalizatuak aurkeztuko dira, behar bezala beteta.

  • Arabako Lurralde Ordezkaritza: C/ Samaniego, nº 2 - 2º, Vitoria-Gasteiz. Telefonoa: 945 01 70 45/ 945 01 70 46
  • Bizkaiako Lurralde Ordezkaritza: Gran Vía, nº 85 - 7º, Bilbao. Telefonoa: 94 403 12 16
  • Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza: C/ Vitoria-Gasteiz, nº 3 - 3º. Telefonoa: 943 02 32 00

Tramiteen deskripzioa

Ez dago.


Egitura Atal Ebazlea

Familia zuzendaria.


Ebazteko epea

Sei hilabete.




Isilbidearen Ondorioak

Baiespenezkoak


Administrazio Bidearen Bukaera

Ebazpenak ez du administrazio bidea agortzen


Errekurtsoak / Erreklamazioa

Gorako errekurtsoa


Formularioak

 

I eskaera erabiliko da, eskabidea jaiotza edo adopzioa gertatzen den urtearen barruan aurkezten denean.

Eskabideak aurkezteko epea: eskaerak hiru hilabeteko epean aurkeztuko dira, jaiotzaren egunaren, adopzio nazionala edo adopzio aurreko familia-harrera gauzatzeko ebazpen judizialaren edo antzeko dokumentuaren egunaren, edo eskatzaileari jakinarazi zaion egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

M eskaera erabiliko da, eskabidea jaiotza, adopzio edo adopzio aurreko familia-harrera bat gertatu ondorengo urteetan aurkezten denean.

Eskabideak aurkezteko epea: eskaera, dagokion urte naturalaren barruan aurkeztu ahal izango da.


Bestelako Agiriak

Ez dago.


Oharrak

Ez dago.


Abisua

Informazio hau orientagarri gisa bakarrik ematen da eta, beraz, honek ez ditu ordezkatzen ezta aldatzen ere prozedura administratiboak erregulatzen dituzten xedapen arautzaileak, eta, ondorioz, ezin ditu sortu berariazko Araudian jasota ez dauden eskubideak edota betebeharrak.


Azken aldaketa

16/04/2007