Euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
WAI A - WCAG 1.0
Azken eguneratzea: 2008/07/15
Gobernu bilerak onartutako akordioa
Jaurlaritzarentzako Herri Galdeketaren kontrako helegiteak autogobernuaren etendura dakar
Epaitegi Konstituzionalari eskatu dio irailaren 15a aurretik eman dezala epaia edo legearen suspentsioa altxa dezala
Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak Jaurlaritzak onartutako ondorengo akordioa irakurri du Lehendakaritzan komunikabideen aurrean egin duen agerraldian.
Lehendakaria, bere kontseiluaren kideekin batera, Gobernu Bileraren akordioa irakutzen. (J.B.)
Lehendakaria, bere kontseiluaren kideekin batera, Gobernu Bileraren akordioa irakutzen. (J.B.)

 

Espainiako Presidenteak, Rodríguez Zapatero jaunak, egin zuen mehatxua beteaz eta sinatuaz, Konstituzio Auzitegian inpugnatu du eta etenda utzi ekainaren 27ko 9/2008 Legea, herri-galdeketa baterako dei egin eta galdeketa hori arautzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren iritzia jasotzeko bi gairen gainean: ETAri behin betiko indarkeria uzteko exijitu eta bakea lortzeko elkarrizketa-prozesuari ekiteaz, eta euskal alderdi politikoei, normalizazio politikorako akordioak erdiets ditzaten dei egiteaz.

Inpugnazio horrek alde batera uzten ditu negoziatzeko eta elkarri hurbiltzeko ahalegin guztiak desadostasunak konpontzeko orduan. Inpugnazio horrek berarekin  dakar berehala Legea etenda uztea, eta, beraz, ez dio biderik ematen euskal gizarteari bere iritzia eman dezan, Lege horretan planteatutako gaiak benetan erabakigarriak izan arren gizartearen bizitzarako, alegia, bakea bilatzeko eta elkarbizitzari buruzko akordio politikoak adosteko, besteak beste.

Rodríguez Zapatero jaunak Euskadiren interesen aurka jokatu du, eta ez da lehendabiziko aldia. Bera Espainiako Gobernuburu denetik, transferentzia bat bera ere ez digute baimendu; bera Espainiako Gobernuburu denetik, ez da garatu Gernikako Estatutua; bera Espainiako gobernuburu denetik, autogobernua gutxietsi du eta gure herritarren ongizateari barre egin dio, modu nabarmenean, inolako lotsarik gabe. Berak eta bere Gobernuak esan digute transferentziarik egiterik ez zaigula komeni, eta ez dela orain horretarako une egokia, hogeita hamar urtean eskumenak bete gabe egon ondoren. Espainiako Gobernuko Presidente zela, Rodríguez Zapatero jaunak uko egin zion elkarrizketari, eta Diputatuen Kongresuan ez zuen tramitatu ere egin Estatutu Politiko Berrirako Proposamena, nahiz eta proposamen hori ere gehiengo osoz onartu zuen 2004ko abenduan Eusko Legebiltzarrak.

Ez gaitu harritzen, ez, Rodríguez Zapatero jaunaren eta Alderdi Sozialistaren jokabide handiuste eta arbitrarioak, lehenagotik ere aurrekari ugari dituzte-eta horrelakoetan. Baina batak eta besteak, bai Rodríguez Zapatero jaunak bai Alderdi Sozialistak, euskal gizarteari azaldu behar liokete ea zer dela-eta nahi duten eten eta geldiarazi erabat legezkoa eta demokratikoa den ekimena, galdeketa honetan herritar bakoitzari iritzia adierazteko bidea ematen zaio-eta besterik gabe; gizarteari azaldu behar liokete ea zer dela-eta nahi dituzten itxi elkarrizketa-prozesua abian jarri eta itxaropen- eta normalizazio-aldia ekar dezaketen bide berri guztiak; eta, azken batean, gizarteari azaldu behar liokete ea zer dela-eta aitortzen dituzten elkarrizketa eta negoziazioa ETArekin, eta, ez, ordea, euskal gizartearen ordezkari legitimoekin.

Espainiako Gobernuko Presidenteak, Eusko Legebiltzarrak onetsitako Legea inpugnatuaz, zuzen-zuzenean eraso dio gure autonomiari, eta, funtsean, etenda utzi du gure autogobernu politikoa, alegia, Euskadik eta Espainiako Estatuak Gernikako Estatutuan lotutako itunaren fruitua, eta babesik gabe utzi ditu Euskal Instituzioak, Espainiako Gobernuak bere kabuz nahierara har ditzakeen erabakien enbaten aurrean.

Rodríguez Zapatero jaunaren borondate hutsak ezin du eragotzi Eusko Legebiltzarraren borondate nagusia, eta ezin du, beraz, eragotzi Euskal Herriaren borondatea. Halako jokabideak nekez esplika daitezke printzipio demokratikoetatik. Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoan halaxe ezarrita egongo da, bai, baina XXI. mendean, heldua eta aurreratua den euskal gizarte honetan, agintari batek gehiago neurtu behar lituzke bere erabakiak eta jardunak, bestela, herritarrek handiuste, prepotentzia eta arbitrarietate seinaletzat hartuko ditu-eta.

Loteslea ez den herri-galdeketa bat, horixe baita eta, ez erreferenduma,  batzuek faltsuki hala esaten saiatu arren, herritarrek politikan parte hartzeko tresna demokratikoa denez gero, gizaki orori zor zaion eskubidea da, eta, beraz, ez du inork zertan positibizatu. Loteslea ez den galdeketa baten emaitzak, euskal herritarrei iritzia eskatzen zaienean, erabateko balio politikoa eta demokratikoa du, galdeketaren sustatzaile diren Euskal Instituzioen jarduna bideratzeko orduan. Iritzi horrek, hala ere, ez dakarkio betebehar juridikorik Estatuari, eta, beraz, emaitzak ez dakar manu juridikorik marko konstituzionala aldatzeko. Espainiako Gobernuak behin eta berriz dio "euskaldunek ezin dutela espainiar guztien izenean erabaki", baina Eusko Jaurlaritzak ere irmotasun eta sendotasun demokratiko berberaz dio "espainiarrek ezin dutela euskaldunen izenean erabaki", edo, beste era batera esanda, benetako demokrazian, Espainiako Gobernuko Presidenteak ezin duela debekatu euskal herritarrek askatasunez eta demokratikoki beren iritzia eman dezaten.

Euskal gizarteak eta Eusko Jaurlaritzak, gai hau erabat funtsezkoa izanik, argi eta zuzen joka dezala eskatzen diote Estatuari, erabaki politikoak, legitimoak, legezkoak eta demokratikoak direnean, eta halakoxea da Legebiltzarrak onetsitako galdeketa, ezin direlako, ez, denboraren ahanzturan lurperatu, erabakia eten duenak bere interes politikoen arabera jokatzen duelako unean-unean.

Euskal gizarteak jakin behar du halako eragina izango lukeela Konstituzio Epaitegiak irailaren 15a baino lehen epairik ez emateak, edo, bederen, ordurako etena ez altxatzeak. Eta hauxe da, hain zuzen ere, Rodriguez Zapatero Presidenteak ekindako bidearen ezkutuko asmoa; alegia, denbora izan dadila, eta ez zuzenbidea, herri-galdeketaz erabakiko duena. 

Orain arte adierazitako guztia aintzakotzat hartuta, Lehendakariak halaxe proposatuta, eta gaia aztertu ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehena.- Jaurlaritzaren Kontseiluaren iritziz, oso larria da, benetan, loteslea ez den herri-galdeketa bat politikoki etetea, galdeketaren xedea euskal gizartearen iritzia zein den jakitea baita, elkarrizketa bidez indarkeriari amaiera emateko eta euskal gatazkari konponbide politikoa emateko. Espainiako Gobernuko Presidenteak ezarritako beto politiko hau salatu nahi du Jaurlaritzaren Kontseiluak, beto horrek galarazi egin nahi duelako euskal herritarrek politikan parte hartzeko duten eskubidea askatasunez balia dezaten, eta, azken batean, eten egin nahi duelako Euskal Herriaren autogobernu politikoa.

Bigarrena.- Jaurlaritzaren Kontseiluak Konstituzio Auzitegiari eskatzen dio, aginte politikoarengandik aske jardun, eta

a) Herri-galdeketaren konstituzionaltasunaz erabakia eman dezala nahitaez irailaren 15a baino lehen, Legean bertan egun hori ematen baita deialdia egiteko datatzat; bestela, auziak eta etenak data hori gaindituz gero, Legea indarrik gabe geratuko litzateke, herri-galdeketa ezinezkoa eginez, eta horrek atzera gabeko kaltea ekarriko luke, behin betiko, Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren borondatea eta euskal herritarrei Gernikako Estatutuan aitortzen zaien politikan parte hartzeko eskubidea urratuaz.

b) Irailaren 15a baino lehen sententziarik ez balego, atzera gabeko eta behin betiko kalterik ez ekartzeko, berehalakoan indarrik gabe utz dezala herri-galdeketa deitu eta arautzeko  9/2008 Legearen aplikazioa eteteko erabakia.


Hirugarrena.- Jaurlaritzaren Kontseiluak uste sendoa du galdeketa legezkoa dela eta gizarte honentzat onuragarri, eta horrexegatik nahi dugu galdeketa hori prestatzen jarraitu, normaltasun osoz, Eusko Legebiltzarrak hartutako erabakia bete dadin eta gizarte honen gehiengoaren borondateak garatzeko bidea izan dezan.


Laugarrena.- Konstituzio Epaitegiak eskatutako erabakiak irailaren 15a baino lehen hartzen ez baditu, geuretzat gordetzen ditugu, euskal gizarteak galdetua izan eta herri honen etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea defendatzeko ekimen legal, sozial eta politiko guztiak.

Bosgarrena.- Honako Erabaki hau Espainiako Gobernuko Presidente jaunari eta Konstituzio Auzitegiko Presidente andreari igorriko zaie.